literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.119 idazlan
7.828 esteka / 6.319 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

Solasean

Naiara Garzia
111 Akademia, 2020-12-18
[iturburua]
Marina Sagastizabal:
«Zaintza lana musu-truk egiten da etxeetan, eta horri esker estatua diru pila bat aurrezten ari da»

Lau urtetako ikerketa lana egin zuen Marina Sagastizabalek (Gasteiz, 1989) zaintzaren, enpleguaren eta parte-hartze soziopolitikoaren inguruan. Susa argitaletxeak aurten argitaratutako ‘Hiruki gatazkatsua’ lanaren helburua unibertsitatean egindako tesia zabaltzea izan da, Akademiak markatzen dituen ezaugarri zorrotz horiek alde batera utziz, edukia ulerterrazago bilakatzeko eta irakurle xumeak ulertu ahal izateko.

Zaintzaren, enpleguaren eta parte-hartze soziopolitikoaren inguruan egin duzu tesia. Liburua horren ondorio da. Zergatik aukeratu zenuen gai hori?

Kezka bat nuelako. Nik sentitzen dut hanka bat eduki dudala unibertsitatean eta bestea, herri mugimenduan edo mugimendu feministan. Orduan gazteagoa nintzen eta ikusten nuen adin batetik aurrera emakumeak horrelako espazioetatik desagertu egiten zirela, zaintza ardurak hartzen zituztenean, amatasuna dela eta, edo familian norbaitek behar zuelako zaintza hori, nagusia zelako… eta kasu horietan argi gelditzen zen oso zaila zela esparru horiek uztartzea, zaintza eta parte-hartze soziopolitikoa.

Eta gizonezkoen kasuan presentzia hori mantentzen da?

Bai. Askotan hitz egin izan da zergatik daukaten gizonek presentzia publiko gehiago. Alde batetik, genero rolak hor daude: beharbada beraiek publikoan hitz egiteko sozializatuak izan dira edo autoestimo handiagoa daukate, edo bere buruarekiko segurtasun handiagoa, hori alde batetik. Hau bada elementu bat kontutan hartu beharrekoa. Baina gero, beste alde batetik ere kontutan eduki behar da denbora aldetik zer aukera dauden. Gizonek orokorrean ez dituzte beraien gain hartzen zaintzaren inguruko ardura horiek eta denbora gehiago daukate beraienzat, denbora horrekin zer egin nahi duten erabaki dezakete; hau da, parte hartzeko aukera gehiago dute. Kezka horretatik sortu zen testi honen gaia.

Sarreran Jule Goikoetxeak dio galderak sorraraztea duela helburu liburu honek. Zein da mezu edo gogoeta nagusia?

Zaila izango litzateke galdera bakarra topatzea, baina nik uste orokorrean izango litzatekeela planteatzea nola ari garen zaintza lan hauek banatzen, zer gertatzen den honekin guztiarekin, afera garrantzitsua baita. Orain, esaterako, pandemiaren testuinguruan ikusi behar da hori, baina horrek ez du ekarri aldaketa estrukturalik, edo inork ez du esan “zaintzaileen soldatak igoko ditugu”. Zahar-egoitzetan gertatzen ari diren gauzak ere hor daude, greban daramate denbora pila bat, edo etxeko langileak… Ez dirudi, gainera, dohainik egiten den lan hori guztia errekonozitzen hasiko denik inor. Horren guztiaren inguruan hausnartzea da, beraz, asmoa.

Zer dakar zaintza lanak asumitzeak?

Gure testuinguruan zaintza lanak ez daude modu orekatu batean banatuta eta horrek dakar zaintza lanak zure gain hartzen badituzu ez daukazula aukerarik. Ez daukazu aukerarik, alde batetik, lan merkatuan aukera berdinak izateko, askotan horrek nolabaiteko zigorra baitakar: lanaldi partzialak direla edo aldi baterako kontratuak… gerora begira ere inpaktu bat dauka horrek. Bestetik, parte-hartze soziopolitikoaren eremuan ere bere eragina dauka, lehen aipatu bezala, aukerak asko murrizten baitira.

Emakumeak dohainik eta maitasunagatik zein genero-arauak betetzeagatik lan hori guztia burutzea negozio borobila dela diozu.

Bai, ematen du hori zerbait naturala dela gure gizartean, beharbada txikitatik jaso dugulako sozializazioaren bidez: hau da, ama on bat izateak, edo emakume on bat izateak esan nahi duela ingurukoen beharra aintzat hartu behar izatea. Hori positiboa izan daiteke, baina beste ondorio asko dakartza. Gure testuinguruan ulertzen da lan horiek guztiak familian bete behar direla. Suedian, esaterako, zaintza zerbitzu pila bat dituzte; gehien ezagutzen den adibidea izango litzatekeelako aipatzen dut. Hemen, ordea, ongizate estatua oso familista da eta zerbitzu publikoak osatu dira bai osasunari dagokionez bai hezkuntzari dagokionez; baina zaintzari dagokionez, ez.

Zergatik uste duzu gertatzen dela hori?

Ulertzen delako familiak bete behar duela lan hori guztia. Hortik irabazi batzuk ateratzen dira, etxeetan egiten den lan hori guztia beharrezkoa delako, eta dirua aurrezten delako: zaintzari dagokionez, ez baita zerbitzu publikorik garatzen. Hori izan daiteke aukera bat, eta beste aukera bat izan daiteke enpresetan ere horrelako zerbitzuak jartzea. Hori ere ez da egiten. Beraz, zaintza lan hori musu-truk egiten da etxeetan eta horrek badauka inpaktu ekonomiko bat: estatua diru pila bat aurrezten ari da.

Denboraren inguruko hausnarketa sakona dago liburuan. Kapitalismoaren eta erlojuaren arteko lotura hori aztertzen duzu, nola gure gizartean denbora diru bilakatu den.

Denboraren inguruan galdera ezberdinak egin daitezke: zer da denbora? Edo zergatik ari garen horrela antolatzen, hau da, zein denbora ari garen lehenesten eta zein ez. Eta oso argi ikusten da industrializazioarekin batera hegemoniko bilakatzen den denbora produkzioari lotutako dela: alegia, etengabe errentagarritasuna bilatzen duena eta diruarekin lotzen dena. Azken finean, gaur egun ez digute ordaintzen hainbeste egiten dugunagatik, baizik eta gure lanpostuan pasa dugun denboragatik. Hori merkatuan gertatzen da, baina gero zabaldu egiten da gizartera: oso barneratuta daukagu ez baldin bagara zerbait egiten ari denbora galtzen ari garela, hori fisikoki ezinezkoa denean. Ez dugu denborarik galtzen, baina hori da ematen diogun zentzua. Azken finean aisialdia gaur egun kontsumora bideratuta dago. Aisialdi produktibo bat da.

Emakumezkoek denbora librea dutenean denbora hori askotan zaintza lanek kutsatzen dutela aipatzen duzu.

Bai. Alde batetik emakumeek beraientzako denbora gutxiago dute, aisialdirako, orokorrean gure gain hartzen baititugu ordaindutako lanak eta ordaindu gabeak. Argi ikusten da lan karga handiagoa asumitzen dutela eta horrek eragina daukala aisialdian. Askotan emakumeek ezin dute aisialdirako tarte luze bat hartu eta tarte horretan zer egin erabaki, denbora hori oso zatikatuta dagoelako. Zati txikiak dira eta besteen beharretara moldatu behar duzu. “Zinemara noa umeekin, baina ez noa nik erabakitako pelikula ikustera”, eta hor ere zaila da ikusten non hasten den norberaren denbora eta non zaintza.

Kapitalismoak sortutako denboraren kontzepzioaren eta zaintzaren arteko harremana zaila da, beraz.

Bai, bataren eta bestearen erritmoak oso ezberdinak dira eta askotan talka egiten dute. Ez datoz bat. Zaintzaren denbora produkzioaren logikaren arabera antolatu nahi izateak gatazkak sortzen ditu. Askotan ezin da aurreikusi, edo ezin diozu ordutegi zehatz bat jarri zaintzari; azkenean pertsona bat ez dakizu noiz gaixotuko den… zaila da horri ordutegi bat jartzea edo hori guztia aurreikustea. Beste denbora batzuk dira.

XXI. mendeko esklabutza egoera berriak ere aztertu dituzu.

Bai. Iparraldeko herrietan gero eta gehiago behar dute zaintza, populazioa zahartzen ari delako. Horrek baditu gauza oso positiboak, baina zaintzaren behar handiagoa dakar eta ez dago mugimendu estrukturalik horri guztiari aurre egiteko. Gertatzen dena da egoera indibidualizatu egiten dela, ez da sozialki antolatzen, ez zaio erantzun bateratu bat ematen, eta zaintza egiten duten pertsonek nolabait modu ezkutuan eta prekarioan antolatzen jarraitzen dute. Ez dago baliabiderik horri guztiari aurre egiteko. Beste pertsona bat kontratatzean normalean etorkinak izaten dira, zaintzak jendarte mailan ez baitauka prestigiorik eta edonork ez du bete nahi, ez du soldata onik… Gaur egun zaintza kate global horiek zaintza eskariari aurre egiteko sortzen ari dira, baina oso modu prekarioan gertatzen ari da, Atzerritartasun Legea dela medio.

Militantziari dagokionez, gehien sustatzen diren balioak maskulinitateari lotutakoak direla diozu, eta liburuan azaltzen diren elkarrizketetan bi emakumek zaintzaren eta militantziaren arteko bateraezintasuna azpimarratzen dute.

Hori oso argi ikusten da, askotan parte-hartze soziopolitikoan lan merkatuaren logika errepikatzen dela ikusten den bezalaxe. Pentsatzen da bertan dauden pertsonek bertan aritzeko prestutasun osoa eduki behar dutela, edo hori da gehienbat balioan jartzen dena. Horregatik esaten da ere eredu maskulinoa dela, edo txanpinoiaren figura hori erreproduzitzen duena, ez duelako kontutan hartzen jende askok, bereziki emakumeek, asumitzen dituztela zaintza lan horiek eta horrek dakarrela bizitzaren denboraren zati handi bat besteen beharrei adi egotea. Honek suposatzen du, adibidez, asanblada batzuetara ezin zarela joan presentzialki eta, beraz, asanbladetako ordutegiak ere birpentsatu behar direla, edo beste hainbat kontu. Horrela izan behar duela onartzen da, orain arte horrela izan delako, eta horrek oztopatzen du, bereziki emakumeen kasuan, espazio horietan presente egon ahal izatea.

Baina azken greba feministen antolakuntzan zaintza lanak bereziki kontutan eduki dira.

Bai, azken greba feministetan zaintza gune komunitarioak antolatu izan dira. Horrelako esperientziak oso interesgarriak dira, baina maiztasun batekin egiten ez badira oso hankamotz gelditzen dira. Urtean behin dira. Horri garrantzia eman behar zaio, bestela jende batentzat ezinezkoa izango da bertan egotea.

Hiruki gatazkatsuak gorputzean duen eragina ere aztertu duzu, gure gorputzaren erritmoak errespetatzen ez baditugu azkenean  gaixotu egiten garela azalduz.

Kasu batzuetan oso argi ikusten da ezintasuna, eremu guztiak uztartu ezin dituzunean. Orduan gorputzak berak esaten dizu: honaino. Argi dago superwoman-en figura ez dela ez osasuntsua ez erreala, beharrezkoa dela lehentasun batzuk markatzea: zein lekutan egon zaitezkeen erabaki, zer mantendu eta zer utzi. Elkarrizketetan ikusi dudanaren arabera, interesgarria da zaintza nola politizatzen den,  hau da, umeei balio jakin batzuk transmititzen zaizkie, ez badago aukerarik parte hartze soziopolitikorako eta eremu horietan egoteko. Edo eraldaketa sozialarekin bat datozen balio horiek, etxean bada ere, transmititzen. Nolabaiteko parte-hartze ezkutu bat bilakatzen da.

“Utopia zertarako? Ibiltzeko”, diozu Eduardo Galeanoren hitzak erabiliz, eta ukronia kontzeptuarekin lotzen duzu. Zein da hitz horren esanahia?

Ukronia izango litzateke utopiaren inguruan pentsatzea baina denboraren ikuspegitik, beste denbora antolaketa posible batean pentsatzea, beraz.

Denbora gatazkaren erdian dagoela esan dezakegu, iraultzak denbora gehiago, gehiago eta gehiago behar duela azaltzen duzunean eta edozein proposamen iraultzailek bere baitan denboraren dimentsioa aintzat hartu beharko lukeela diozunean.

Azken finean ulertu beharko genuke eraldaketa prozesu guztiek denbora behar dutela, eta garrantzitsua dela denbora horrela ulertzea. Kapitalismoari lotutako denbora oso murritza da, askotan berehalakoari soilik begiratzen dio, eta ez du proiektatzen etorkizunean, utopian, denbora luzeagoetan. Zentzu horretan beharrezkoa da denboraren inguruko beste pertzepzio batzuk bultzatzea eta beste logika batzuk kontutan hartzea: erritmo mantsoagoak edo sozialagoak. Askotan gauzak azkar egin nahi ditugu, baina prozesuak luzeak dira.

Dena den, denbora baino zerbait gehiago behar da eraldaketa prozesu bat aurrera eramateko.

Bai, momentu batean esaten dut liburuan: ez dut uste denborak guztia konponduko digunik eta denboratik proposatu dezakegunik makiltxo magiko bat, baina eraldaketa edo utopia horretan pentsatzen badugu, eraldatu nahi ditugun elementuen artean denboraren antolaketa aldatzea garrantzitsua izango litzateke. Diruaren logikara lotuta badago, muga handiak izango ditu.

Homo economicus eredu batetik vulnerabilis eredu batera pasatzeko gonbita egiten duzu amaieran.

Homo economicus produkzioari begira dagoen pertsona bat izango litzateke, eta gaur egun hiritar nagusia hori da, gure eskubideak lan merkatutik datoz. Hiritarron izatea bizitza lan merkatuari dedikatzea da, bertan ekarpena egitea. Eginbeharrak hortik markatzen dira. Homo vulnerabilis litzateke pentsatzea lan merkatua ez dagoela gure bizitzaren erdigunean, hori baino askoz gehiago garela, pertsona guztiz autonomo eta independientearen eredu hori zalantzan jartzeko. Badirudi homo economicus horrek ez daukala inolako zaintza beharrik, autonomoa dela, baina hori faltsua da: diruak autonomia maila bat eman ahal dizu, baina puntu batetaraino.

 

Bilaketa